A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
MAILU GUZTIAK ETA POESIA GUZTIAK...
|
EZTEBE PAREDOIAN Ibon Sarasola , 1978
PAREDOIA mementorik krudelena da Mementorik krudelena zazpiretako egunsentian paredoian Egunsentian paredoian eztarrira iganda korapilatzen Zaituen Antsia Zer egun da, zer ordu da, Jauna ? Angustia Eztarriko korapiloan esplikagaitza: hau gerra da Hau gerra da. Mendien beste aldean, itsasoraino Zure lagunak borrokatzen jarraikitzen dira Oraindik. Diotenez Gauez berrirabazten dute egunez Abioien pean galtzen duten haitza. Lautada honetatik iparralderantz behatzen duzu, Mendiez bestaldeko gerrara paredoiko pake Ikaragarritik: iparralderantz Zuk. Zuk Aldiz hegoalderantz, zeren hegoaldetik sortalderantz Hegoaldetik sortalderantz zazpiretako egunsentitik Etsaia —zure itsasoa orain lehen aldiz ikusi duen etsaia Intxortako zure trintxerara helduko baita.
Paredoia da unerik krudelena 1937ko udaberriko haize urratuan Gasteizko lautadaren gainetik gortzen duten abioi urrundik helduak pasatzen ikusten dituzu Ongiaren eta Gaizkiaren infernutik bat-batean jetsirik zure batailoi ditximatua birditximatuko dutenak dira zure laguna oroitzapen bihurtuko dutenak eurian agian ama alargunduko duten abioi urrundik helduak pasatzen ikusten dituzu zuk. zuk goizero zeure trintxeran, Intxortan edo Lemoan
Zer ordu da, zer egun, Jauna itxaroten dituzunak dira, berehala, Ongiaren eta Gaizkiaren infernutik jetsirik, Bonben pean munduaren eta bizitzaren zentzua gal dezazun arte Bizitzeko gogo zoro hori, etxeko pake subazterra gortzen duten abioi urrundik helduak zure emaztea, emaztegaia edo arreba zaharrena erretagoardian akabatuko dutenak dira zure seme txikiak edo anaia jaio berriak eskolan ikasiko ez dituen bonbaldietan...
ORAINDIK EZ ZEN habearen suntsidura eta kea metal irakinaren labetik jeistean atsegin ez zitzaizkizun gauzak, uniformeak eta numeroak, espaloiaren lege derrigorrezkoa zure bidexigor oin-hutsa azpiratzen, eta garoaren eta kresalaren hondamendia, oraindik ez ziren mila baino kantitate handiagoak, oraindik ez hizkuntza arrotza plomozko letra belikoez eskolaren paredoietan ikasarazia zure hitz sehaskatsua amaren ezpainetan setiatzen. Oraindik kanpaiaren erreinua zen nekazariaren jeografian, eta olaren ximista aldez aurretik aditua, atariko xakolin bertsolariaren jakituria ahoz aho ezagutarazia. Orduan zen hamaika harri zutituen harremana, haritzaren hizkuntza udalehentsua abarkaren eta makilaren esan-nahi azkenean. Oraindik taula zen, eta xalupa, konstelazio ikas-berrien azpian, izugarria lamia-koba pertsekutatuaren keinua artzainaren ezpain tolesgabean. Ihiztari inoiz aipatuaren kanabera soila errekaren borondate guztiz mehearen egokitasuna borobilki gurutzatzen. Oraindik laboraria, kapitain bere goldean, eta uhin basatiaren krudelkeria arrokan miserere arrantzalea hondartzaren ertzean ehortzen. Baserritik jeisten den eztei-gurdian lihozko izara brodatuaren jabego oso hori, aztorearen eta oin hutsaren aboz oraindik ez lurperatua, noiz ezarri zen zure adin ahalguztiduna ?
Zure itsasoa ezagutzeko berrogei egunez eta berrogei gauez ibili behar izan duenak ez daki irakurtzen zure arbola elementalaren orria eta zure euriaren zuhurtasunaren eskuizkribua kalendarioz kalendario mormoratua.
UNIBERTSOAN EHORTZIRIK arrotz zeure etxean ate hertsiren eta leiho ahulki argituren ordu ezagunean ME HACEN EL FAVOR SEÑORES, SON 182 ke airean zintzilikatuaren eta errege destronuratuaren garaia da Drugestorearen hesteetako zaldi izugarrietan. Bost edalontzi husturen artean Me han dicho que escribes en vasco qué difícil, no? Gasteiztarra, Estibaliz etorri behar ez lukeen trenaren xistua bezala. Udaberri berri honetan ez dituzu aurpegiak ikusten soilik behera-behar eragotzia lege orotatik at POR FAVOR SEÑORES, QUE VAMOS A CERRAR soilik hautsontzia pospolo erre eta zigarro-hondarrez gainezka beste egun bat beste hainbat bezalakoa. Pues nos lo pasamos ideal. Zu. Zu, arroztasunaren muga ikaragarrietaraino arrotz amorantearen ezpain urrunetan gudari beti bentzutua POR FAVOR SEÑORES, BUENAS NOCHES geldi zaitez orain nirekin BUENAS NOCHES. BUENAS NOCHES, SI, BUENAS NOCHES. Oh! aquí siempre está lloviendo AGUR, BUENAS NOCHES.
Donostian, Euskal Herria gu eta gure poema liburuaren paredoi izugarriak.
Zure bihotza da paredoirik desolatuena.
© Ibon Sarasola |
|