A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

ZUGANA NENTORREN ARRAPALADAN
      (2002)

AMAITUKO DA ZIGORRA
      (2002)

ANIMALIA
      (2002)

  literaturaren zubitegia  

 

ESKOLARA BEZALA

        Ander Iturriotz , 2002

 

 

Infinitura begira goaz elkarrekin, eskutik hartuta goaz, atzera itzuli ezinik.

Zipres mugiezin lerro bik egiten dute bidea hilerri txikiaren horma txurietarantz. Muino batean goratua, jauregia dirudi hilerriak. Eskola dirudi, esne-zopak gosaltzen ari den haurrarentzat, basoko etxola dirudi ipuin mitologikoetan. Hain dago garbi, hain dago bare, hain dago apain, ezin ekidin baitaiteke dekoratu beldurgarri baten irudia.

Non dira ikusleak, baina? Norentzat ari gara burutzen gure antzezpena?

Hodeiertzean, oskorri osoa brodatzen du eguzkiak, mapa harrigarri bat erakusten du, mendirik eta errekarik ez duen lurralde batean, oinaren ahalegina eragozten duen fisika batean.

Urreztatu da hautsa, urreztatu dira denboraren hariak, agertu da kuprezko egitura kartoiaren atzean.

Ekarri ditu haizeak tronpeta anakronikok, ekarri ditu urrutiko oihartzunak: trumoia, uraren orroa, ezkilak. Ekarri ditu haizeak iragana eta etorkizunik ez duen oraina.

Ezarian hasi da euria. Ezarian hasi da lainoa zure irudiarekin jolasten. Hustu dizkizu begiak, zurbildu zaizkizu masailak. Hartu du zure ahoak ardoaren kolorea, jantzi du odolik eztiena.

Musu eman didazu bekokian eta mugan geratu tara, leihoan, etxe atarian, erreka gurutzatzen duen zubiaren oinean.

Joan naiz, zoriontsu, zure eskuaren forma gorderik nirean. Eskolara joaten nintzenean bezala. Zure ipuinaren magian basoko etxolarekin amets egiten nuenean bezala, zure eskuaren forma gorderik nirean.

 

© Ander Iturriotz    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko