A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ETXE GATZATUAN
|
BERRIRO ESNATZERAKOAN Martxel Mariskal , 2017
Tai-txia parkean belaontziak badian nire bularrean taupaka mendia. «Denbora gehiegi zu ikusi gabe» diost baina ni mutu. «Non izan zara hain luzaroan?» galdezka baina ni ixo. «Ardiak ahuntzak ahariak behiak pottokak gizakiak animalia bera eta bakarra zarete denak» esanez utzi nau jarrai dezadan nire paseoa.
Alai eta oparo jaisten da ura ehunka bidexka ezberdinetatik. Begi idorrak ikusten ditut etxe-orratzen itzaletan. Botereak ez gaitu maite eta guk ez dakigu zer egin daitekeen askatasunarekin. Mendi gailurretan ez dago epaiketarik.
Bihotzaren oinak beratzen jarriak ditut. Orekaren irrikaz elikatzen nauten barne-isurietan talka egiten dute nire buruaren bi aldeek. Askok amesten dute dirutan itotzea baina ezinbestekoa dut nik mendiko ur hotzak dakarzkidan elurraren oroitzapenetatik edatea.
Tai-txia parkean belaontziak badian kale-zainak gogaituta daude absentziak garraiatzeaz. Erakunde abstraktua da Polizia baina aginduak ukitu egin litezke eskulturak bailiran zerrautsez estalitako labirintoan. Lau hankan dabilkigu zuzenbidearen okerkeria xake taula moztailea den hirian.
Bada leuntasunik gabeko sagarrondo zoragarri bat usaintzen dudan bakoitzean besarkatzen dudan aldiro zatika erortzen zait azala bihotzaren berritzean. Jolasean haurrek lurretik jasotzen dituzten nire geruzaren papurrak kolore guztietako goxoki bilgarri bihurtuak.
Azkazalak mukiak ilusioak jaten ditu trafikoak. Beltza da semaforoaren kolore bakarra. Lagunartekoen umiliazio arrunt tristeak eta traizioak baratxuri zopatan bustitzen dugun eguneroko ogian parkeko ahate eta zisneak burua makurtzen ari direla eta maitaleak elkarri berotasun bustia laztantzen eta irakurle bakartiak unibertso berriak dastatzen poemak komikiak eleberriak epitafioak elegiak.
«Denbora gehiegi zu ikusi gabe». «Non izan zara hain luzaroan?». Nire bularrean taupaka mendia.
LED argien kliskak beste hilketa bat agintzen du giza sakrifizioa ez da antzinako kulturen ohitura soilik.
Kafetegiko terrazan betiko manikiek ispilu erraldoia osatzen dute ezpainek kafea ukitu orduko. Ezin norberari buruz baino hitz egin arima bakoitzak bilatzen du bere geriza. Eguzkiari eskainiz masailak sorbaldak debozioa zimurtzen ari da artifizialki tenkatutako haragia. Eraikuntza honek gure hezurdura du euskarri. Portaera konpultsiboak eta bordatu zuriak elizkizunak bihurtu ditugu mundutasunaren zapi.
Azken ufada epelarekin egiten du amets bakarrik bizi nahi duen hego haizeak. Espaloian belagileei mentalki tiroka bularrean mendia taupaka. Ardiak ahuntzak ahariak behiak pottokak gizakiak animalia bera eta bakarra.
Alai eta oparo dator ura. Non izan ote naiz hain luzaroan? Tai-txia praktikatzen belaontziak badian.
© Martxel Mariskal |
|