A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
KANTARI
|
MUNDU ZABALERA BEGIRA Juan San Martin , 1968
Ni, niregandik gure herriarekin, mundu zabalera. Munduaren izate orokorrean, gizonei zein herriei, bizi beharra uka ezinezko zaie.
Nik ez dut aurkitzen munduan aldatza besterik. Aldatza eta aldatza, itxaropenik ez dakarren mendiko sermoian. Aldatz latza eta garratza nekean, aldatzen ez diren aldatzak hiletazorian.
Bidez nekaturik nator, gizonek sufritzen duten herrialde baten bide malkartsuetatik. Gogo-garra hilzorian duen lurraldetik eta besteoi anaikiro eskua luzatuz estutu nahirik, zuon gogoaren eskua...
Gauera nekaturik heltzen naizenean, atsedenaren bila, deskantsurik gabe entzuten dut besteon zurmurra: Ez nago lokarturik, ez dut loak hartzerik, ez dut behar... nire zoria bestek erabakitzen duten artean, gizonon zoria.
Aurpegi nekatu asko nire inguruan. Izerdi gehiegi nabari urdail husdunetan. Denboren lorrindua. Herririk makaleenetan, gurasoek ere goseari hozka dihardute ebatsi zizkioten lurretan. Egoera tristea guziontzat.
Baina, begira daude, begira, profeta berriak, gogoz piztuz edonongo herriak. Mezuz eskainiz iratzarkuntzak, laster zaurietatik sortuko diren bizibide berrikuntzak.
Geroari begira, susmatu eta miretsi. Etorkizunik ez etsi, elkartasunera iritsi, libertatezko zori hobea badela sinetsi.
Guzion gaurko beharra anaitasunez indarra, denok batean piztu dezagun itxaropen garra.
Behartutako etorkizunik ezin dut onartu. Zure mintzoa nire mintzo egingo dut, anaitasun mintzoa, jauntxoen ikaragarri. Eta, oihu! hiletsirik dagoen herrialdetik. Hazi mingotsak, espero dudanez, bihar hobeago bat loratuko duten lurrean.
Segi zure zurmurra, ahaztutzera utzi gabe. Zurrumurruz beti uztarpeturik dagoen gizonari: Ez nago lo, ez dut loak hartzerik, ez dut behar.. Hiletsirik dagoen herritik berrituko dut zure oihartzuna, hiletsian biziz dagoen herri hau gar makal batetik ernetzen hasiko dena.
Guk, gure Euskal Herri, arrazoirik aunitz dugu guti izanarren.
© Juan San Martin |
|