A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ITAUN LUZEAK
|
POETAK ZIRELA Juanra Madariaga , 1996
Eta gero itzuli ziren gerlariak bidaia luzeetarik, deus ekarri barik, deus jakin batik, lekat eta flakatuago eta zaharkituago zetozela. Ibiliriko herrien mirakuluak guztien ahotan zebiltzan, hango paisaiak eta elezaharrak. Erran zuten erleek hostokatzen zituztela loreak maitemindurik baileuden, polenarekin gaztelu horiak eraikitzen zituzten artean. Eta saiak arratoi zaharren hegazkinak zirela, hil-etsian daudelarik familia ikusi nahi baitute azkenengoz. Mendiak han ere xurituta zeudela baina elurrez ezezik azukrez ere bai, eta gailurretarik jausiz geroz ezinezkoa zela pastel bat ez egitea. Bertako zaharrek ezagutzen zutela munduaren jaiotzea, hantxe baitzeuden eserita mundua apenas pilota ttipi bat bezalakoa zenean. Neguko gau hotzetan ikus zitekeela nola zeruko izarren begietatik elur malutak jausten ziren mara-mara, umeak ahoarekin hartzen saiatzen ziren artean. Baina harrigarriena, ez zekitela zer ziren malkoak zertarako bailo zuen tristurak, non zegoen infinitoa, noiz asmatu zen heriotza eta zer zen noraeza. Erran zuten arerioa leku orotan fineziosa izan zela, jukutria ederrez engainatu baitzuen gure armada. Erran zuten ele xarmangarriak ilkitzen zirela halen ezpainetatik, bihotz oneko poetak zirela. Harrezkero zer diren malkoak, non dagoen infinitoa eta horrelako gauzak baino ez dituzte galdetzen erabat erotu ez diren gure gerlariek.
© Juanra Madariaga |
|