A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
BIRIGARRO ERRALDOIAK
|
POESIA FIKZIOA DA Harkaitz Cano , 2001
Ez dut uste pertsona tormentatuegia naizenik. Batzuetan etsipen ikaragarri bat jabetzen da nitaz zer egingo zaio, gauzak aldatzen doaz gure garai bateko eskolakidea opuseko neska batekin ezkontzekotan dago eta beste batek legez kanpoko arrantzan itsasoan daramatza bederatzi hilabete haurdunaldi oso bat agian pertsona bihurtuko zen itsasoaren sabelean amarenean egin ez zenez gero. Eta batzuetan etsipen ikaragarri bat jabetzen da nitaz zure bakardadeak nirearen aurka talka egindakoan min ematen didalako sentipen honek zeraren antza dauka, nola esan, hogeita bat urte betetzean guk hamahiru genituenean bederatzi zituzten neskek jada hamazazpi dituztela deskubritzearen antzeko zerbait. Gau baten amaieran ohartzea, bortitz eta bat-batean. Egunsenti errudun hori eta izango zirenik ere imajinatzera ausartu ez ginen bular guri horiek ez zirela egundo gureak. Ez dakit ulertzen den horrela esanda. Konturatzen garela honetaz eta hartaz gure injenuitateari zegozkion edalontzi guztiak hustu ditugula.
Akatsik ttikienengatik galtzen dugula zorion handia: horregatik dira akats ttikienak mingarrienak. Akats handiak ez hainbeste. Euren barruan bizi gaitezke, edo biraka ibili haien inguruan. Zer egin ordea, intsektu baten hegoa den akatsarekin?
Larritu gintuzten zenbait gauzari buruz barre egitea liteke terapia bakarra eta hori ere ez nahikoa ikusezin bihurtzeko ispiluak izaraz estaltzea aski ez den bezala.
Hori batez ere. Hori eta bizitzan galtzen dugun guztia, agur edo konplizitate keinu bat garaiz eta aspaldi ez egiteagatik galdu dugula.
© Harkaitz Cano |
|