A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
UBEL
|
MERETRIZ HILA Juan Mari Lekuona , 1966
Ile horiko eme oparo: gure gurariz hilik hago. Hilotza: ostu dinagu bihotza!
Ikusi haugu biluts-bilutsean, larru lotsean, eme giroko bipil hutsean. Gaur gorputz datzan, mila begien izormen latzan, nahi iastakorrak duen baratzan...
Ederra hintzen eta ezin ezkuta; jarri beharra denen eskuta. Hire ez hintzen; ez hintzen jabe. Ezin gelditu eskaini gabe orori. Denen sareetan behar erori! Diru truke baliosa hintzena merke. Sabel beteak galtzen din lotsa.
Diruak harri-bihur bihotza. Maite-eza den odolustu hauen labana zorrotza. Ederrak hau din hamarren: ororentzat izan aurren, hiretzako hurren, gain eta barren. Gogaikarria sentitu den nazka. Ezin inola estura hau aska. Ezin iritsi: Enpo albokan gozamen gutxi. Hil-zorian guk jarri haugu mila loxintxa, mila balaku. Nazkatu haiz eta kendu dun bizia. Pastilak irentsi, ahaztu guztia. Erabaki dun hire auzia... Hartu dun betiko egun luzia! Eme oparo: guk eraginda hilik hago. Meretriz opari triste. Ez hintzen haurdun; guztiekiko bidean jardun... Egigun barka. Nire bihotza dun deiadarka. Meretriz hila: Hiretzat dinat otoitz isila: —«Betoz zeruko birjinen sailak gaur hire bila!».
© Juan Mari Lekuona |
|