Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HAUTSEZKO BASOAK, LUR OSKOLDUNAK
(2007)
ELURRA ARITUKO BALU
(2007)
HEMEN IZANEN BAZINA
(2007)
ZURRUNBILOKA ITZULTZEN DIRA
(2007)
HAIZE HEGOAREN AROAK
(2007)
AMODIOZKO POEMA ESKAINIAK
(2008)
EGUERDIA UQBAR-EN, ARRASTIRIA DONEZTEBEN
(2008)
I WILL SING A LULLABY
(2008)
DE DREIT NIEN
(2008)
FRONTOI ONDOKO KABINA
(2008)
GELTOKI BAT SIBERIAN
(2009)
FRANKOTIRATZAILEAREN ARNASA
(2009)
PEARL HARBORen ABESTIA
(2009)
TOUS LES DIRECTIONS
Luis Garde , 2009
Ez doa nora ezean
norabide guztietan bidaiatzen den hura.
<<Izen hori duenik ez da hemen bizi>>
erantzuten dio etxekoandreak
bizkarra ematen digun bilatzaileari
zuri-beltzezko hainbat filmetan.
Ataritik afariaren usain garratza aditzen du
norbaitez galdetu duen gizonak.
Bat-bateko isiltasunean
bi haur irudikatzen ditu sukaldeko mahaiaren alde banatan.
Emakumeak eskuaz garbitu du
masailetan sortu zaion
ilargi eta lainoaren zantzua.
<<Barkatu andrea>>,
<<ez da deus jauna>>.
Andreak zerbait gehitu behar zuela zirudielarik
emeki itxi du atea.
Bilatzailea biratzen da;
atariko bonbillak aurpegia argitzen dio.
Une batez gure ikusleen hazpegiak antzematen dizkiogu,
baina jadanik autoaren belztasunean urtu da.
Eskuak autoaren irratia piztu du;
blues baten aho-soinu lotiak
bultzatzen ditu kreditu-tituluak pantailan gora.
Autobidearen marra zuriak
gutaz eta zinema-gelaz haratago luzatzen den iluntasunean
elkartuko dira.
Bilaketan ibiltzen den horrentzat,
errepidea norabide guztietan hedatzen da.
Gaueko bidaiari bakartiak
sarearen antza hartzen baitio autopistari.
lkusten ditudan film gehienetan
gertatzen jarraitzen du:
norbaitez, bere buruaz agian
galdetu zuen norbait urruntzen da astiro,
euriaren distira lepoan duelarik.
Arestian atearen zirrikitu batetik erran diote:
<<Sentitzen dut jauna.
Izen hori duenik ez da hemen bizi>>.
© Luis Garde