A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
MEMORIA EZ GALTZEKO OHARRAK - 3
|
727. GELAKO BESAULKIA Miren Agur Meabe , 2010
Esan niolako ez zitzaidala 727. gelako besaulkia ahaztuko, tristuraz egin zuen irribarre. Plastikoz tapizaturiko etzangarri hartatik oinazearen xehetasunei behatzen ahal nien: erizainei deitzeko tinbreari, ur-botilari mahaitxoan, larrosa gorriari eta galburu artifizialei (prohibido traer a esta unidad flores, plantas o cualquier especie vegetal por el riesgo de producir alergias), abanikoari, betaurrekoei, estanpa bati, gazei eta kartoizko palanganei, (kronometroak ekartzen zizkidaten gogora), oin hanpatuei bata berriaren azpian narras, hatz zurbilei sueroaren makilari sakaka gurutze bati lez. Eskutik helduta egoten ginen arratsaldeetan, ni besaulkian kuzkurtuta. Halatsu, goizaldeko orduetan ere komunetik bueltan, korridorean leiho beltza baizik ez zenean, besaulki hura nuen aterpe, beldurra maitasunean diluituz sentimenduak kategorizatzeko.
© Miren Agur Meabe |
|