A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
INFINITUAREN ZATIAK
|
BELDURRAREN KAFEA Martin Etxeberria , 2005
Idazle handiak horrela zioen arren, beldurrak ez gaitu hobeak egin. Urdinagoak eta ilunagoak beharbada, baina hobeak ez.
Kafeak bai, kafeak lanera sartu arteko ordu erdia luzatu du.
Tarte hori, arratsalde txiki bat bihurtu du. Eta pertsona hobeak egin gaitu.
Denda aurrean fruta saltzen duen andreak egin gaitu hobeak, bere aldamenetik pasatzean, beti bezala, irribarre batez agurtu gaituenean.
Eta anaiaren eskutitzak, eta zerutik karranka nekatuak eginez gauean pasa diren antzarek, eta parkean kieto mugitu ere egiten ez den zuhaitzak, eta irratian ezustean jarri duten aspaldiko abestiak.
Horiek guztiek bai. Horiek guztiek pertsona hobeak garela sinistarazi digute, pertsona hobeak egin gaituzte.
Beldurrak gogorragoak egin behar gintuen bizitzarako eta samurragoak egin gara. Zaildu egin behar gintuen, etenik gabeak bihurtu, baina ez du lortu. Ez dugu ezer ikasi. Xumeak gara.
Eten horietan galdu baitzaigu begirada, kafean, fruta saltzailearengan, paperean idatzitako hitzetan, negutik ihesi doazen antzaretan, itzalik ez duen zuhaitzean.
Beldurrik gabeko lekuetara alde egin dugu, begi bat itxita, bestea irekita.
Gaueko antzarekin batera, hegan goaz Afrikara.
© Martin Etxeberria |
|