A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
INFINITUAREN ZATIAK
|
BASURDE BURU DISEKATUAK Martin Etxeberria , 2005
Idazle handia izan nahi nuen. Handiena.
Eta horretarako, arratsaldero, kafe berria egin eta laranja bat erdibitzen nuen plater zuri baten gainean. Mahai aurrean eseri eta, garraztasun biak nahastuz, idazten jartzen nintzen laranja belztuen abaroan.
Orri hutsaren zeru txikian hodei orbanak marrazten nituen behin eta berriro; hitz haiek nire buruaren aterki bakarra zirelakoan.
Klasikoen irakurketak eta diziplinak idazle bihurtuko ninduten. Poeta. Eta hilezkorra izango nintzen, izar hotz urrunen eta basurde buru disekatuen antzera.
Nire poemak ibaira jaurtikitako harri kozkorrak izango ziren. Eta, aldi bakoitzean, ura borobila bihurtuko zuten. Metafora perfektua. Hitz likidoa.
Garai hartan kafe asko edan nuen eta laranja asko jan nituen.
Gero, bat-batean, euria hasi zuen.
Goitik behera. Eta busti egin nintzen.
Oraindik ez naiz erabat lehortu.
Gaur, hala ere, ez diot idazteari utzi. Izarrek urruti jarraitzen dute, baina hortzak behintzat, gero eta okerragoak ditut.
© Martin Etxeberria |
|