A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
IBAR EZKERRA
|
HATOR ENE ALBORA Omar Nabarro , 2010
Hator ene albora, Lidia, erreka ertzean jesartzera. Soseguz begira diezaiogun haren igaroari eta ikas dezagun bizitza nola badoan, eta ez gauden elkarri eskua hartuta. Ricardo Reis 1914
Hator ba, Lidia, ene albora etzan hadi zabal eta esadan nahi ote dunan errepasa dezagun gure espeziearen Historia Naturala.
Haginka nazan besoetan lepoko zainetan arrain ere izan ginela gogoan haginka nazan xorrotx busti nazan eta jan.
Akorda gaitezen gorputz berean ar eta eme ez ote ginen izan egidan titiburuetan laztan eta esan dardara hau ez al den espeziea bezain antzestrala.
Senti ezan narrasti izan gineneko kilika hotza ornoetan behera senti haien isatsa dugula guk ments egin hortxe ba mun eta pa eta segi ezan aurrera.
Erakuts iezazkidan oinak utzi ezpainetan hartzen behatzak eta alda gaitezen Historia Naturaletik Mitologiara, Lidia, eta esadan ez ote hintzen inoiz lehenago lamia izan.
Lurra haragia lez ikaraz jo dezagun Mitologiatik Geologiara esadan su hau gura duena zain meheenean kanpora egin ez ote den kosmosaren magmaren isuria.
Ene, Lidia, errepasa dezagun espeziearen Historia Soziala esadan elkarrengandik erauzi ezin hau ez ote den ugaztun huts izan gineneko gau luzeak utzi digun izuaren izua.
Eta azkenean mintza gaitezen teknologia berriez errepasa ezan telefono-agenda eta esadan, Lidia, noiz garatekeen berriro elkarrekin ikasten segitzeko eran.
© Omar Nabarro |
|