A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ISPILURIK GABE DIHARDUT NIRE AURPEGIAREN BILA
|
GALEREN HEGOALDEA Mikel Ibarguren , 2011
enarekin batera joan zitzaizun poz hura itzuliko ote den ez dakizu ez duzu gehiago kalezuloan luzetsita egon nahi inoren ohean lorik hartu ezinda maitatzeke egon nahi
hegoaldera nahi duzu iparra galdu gabe aldi hutsalen agortea zeharkatuz lagun ahantzien arrastoak berrituz egun honen atzetik beste bat etorriko dela jakitun gure arteko erretena neurtuko duena beste gutasun bat sortuko duena jende bat munduz osatua mundu bat jendez osatua
iparra galdu gabe hegoaldera nahi duzu aldizka arrats beheran egin egunero berritzen den bizinahiaz gailendurik egiten duzu betiko norantzan eroriaren logikatik zutik jartzeko logikara garaion testigantza oharretan iltzatuz
galdutako guztia galdua ei dago bihotzondoetan bildutako galerekin zoaz baina betiko bidean zara azkarrago edo motelago baina bidean edonora gabe seguruenik inora iristeko asmorik gabe iparra galdu gabe baina bidean zurea den bidean hegoaldera
© Mikel Ibarguren |
|