A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
SEX-40
|
EZ DA IRAGANMINA, LAGUNOK Paddy Rekalde , 2004
Zubi arteko hiri zahar eta epel hau erruki barik bortxatu dute jauntxo engominatuen bulegoetan, behin eta berriro aurretik behin eta berriro atzetik behin eta berriro ahotik, eta makillaje mota guztiak aplikatu dizkiote
zaurietan, beltzuneetan, urratuetan... San Anton zubitik Deustukora erraz ikusten da hiria top-model bat bihurtu nahi dutela. Halaxe etorri zaizkit gogora garai bateko irudiak: ijitoak euren odolari abesten, txaloka, mozkorrak, jonkiak eta maiteminduak bazter batetik bestera,
anguleroak kriseiluaren argipean koņaka zurrutean, kontainerrak sutan kale eta zubi artean, kaleen zarata etengabea. Halaxe bidaiatu dute ene oroitzapenek itsasadarrean barrena, mareen beharrik gabe, Deustuko zubira heldu arte: Guggenheim erraldoia, Puppy ikaragarri bizigabea, eta palmondo ondo lerrokatuak eta pasealeku itxurosoak eta turismo denda bulegoak eta musika jauregiak eta hotelak eta museoak. Ezin jakin non nagoen.
Begiak bildu behar izan ditut, beldurrak banengo bezala; hantxe zeuden Euskaldunako langileak ke poteetako laino kimikoaren erdian borrokan, balak, euri langarra, torlojuak eta zeru goibela, kaskoak, sirenotsak, txakurrak, zapiak, koheteak... eta bafleetan «Eutsi gogor, Euskalduna».
Ez da iraganmina, lagunok; hauxe da kontua: bazter hauetara zenbat eta gehiagotan itzuli orduan eta ezezagunagoak egiten zaizkigula, gero eta urrinago sentitzen ditugula.
Beste barik.
© Paddy Rekalde |
|