A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
SEX-40
|
60 URTEKO GAUA Paddy Rekalde , 2011
Galsoro bazterretik doa, makulu batez lagunduta, adinak ez dio-eta nahi bezala ibiltzen uzten, are gutxiago lur zokor horien artetik, eta olibondo bakarti baten ondoan gelditu egin da.
Aurrera jarraitzeko esan die besteei, ez itxaroteko, poltsikotik ateratako zapiaz sikatu du bekokia, sargoriaren laztana berun hutsa da, itogarria, eta hala ere ekialdetik igartzen du ekaitza, soro horitu hauetara hurbiltzen ari den zeru ubela.
Holaxe gogoratzen du haurtzaroko gau hura, sargoritsua, ubela, berunezkoa... aita zelan sartzen zuten kamioi barrura, fusilak, oihuak, motorraren zarata, zelan hasi zen kamioiaren atzetik arineketan gaur bezala bihotza lehertzear gaur bezala arnasa ezin ailegatuz kamioia urrunean galtzen zen bitartean eta gau ilunean aita...
Olibondotik ehun bat metro egin ondoren harri zapal batean eseri da ordu batzuk lehenago egindako lubaki batean ageri diren hezurrei begira, izerdi tantak malko batzuekin nahasi zaizkio ezpainen inguruan, eta orduan, hezurrei begiratzen utzi gabe, esan du: padre, qué noche más larga...
© Paddy Rekalde |
|