A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
KRETAN IDATZIA
|
POEMA HIDRAULIKOA Igor Estankona , 1998
Euriak tap tap tapatzen du asfalto hotza. Airea josiz tantak lainoetatik argazkira. Telefono kabinetan ahotsak usteldu egiten dira zenbaki hura gogoratu ezinik. Zure irudimena baino ez da emakume horren aterkia. Emakume horren irudimena zure aterkia baino ez da izan. Baina ez, ez dago zu. Eta seguruenik ez zaude bera.
Beharbada emakume hori ezagutzen duzu segundo zahar bat itzuli denean bere titien erpinak zure lepoaren kontra daudelako eta gatza gatza mingaina besapetik irristatzean orain dela hamar urte edo datorren astean zango labirintiko bi hiru lau zaldi zoroak zaunka eta eztanda kolibria eta lorea eta Eros hatxixa banatzen eta azal bat non edan non lo egin non kanpatu orgasmoa/elektrizitate deskarga bukatu da akzidentala zeharo noiz emakume hori taxitik irten da rantz doa raino helduko da edo maite izan zaitu etorkizunean soldadutza garaian ezagutu zenuenean adibidez.
Gerta daiteke baita ere zergatik ez zuri itxaroten egotea zure abizena idatzita edukitzea pospolo-kaxa batean. Batzuetan jantzia lisatzen diozu eta zure emaztea da. Hain da elastikoa denbora non aterkia itxi bezain laster emakumea desagertu egin baita begiratzen ez dizun zerbaiti begira utzi zaitu eta gogoratu zara ez zenuela inoiz soldadutza egin: emakumeek ez dute soldadutzara joan beharrik.
Parkean elkar besarkatzen ari den bikote horri aterkia haizeak daramakio. Zu izan zaitezke edo ez hiruretako bat.
© Igor Estankona |
|