A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
GAUR, BIHAR ETA ETZI
|
HURBILTZEN NAIZ ALDIZKA Xabier Lete , 2008
Itxaro Borda, ifarraldeko poetari, maitasunez
Hurbiltzen naiz aldizka zuen lurraldera udazkenean eta begiratzen ditut landa, muinoak, egoitza gizakoituak, gaztetako urte haietara nindoake atseden bila etenik gabeko ametsean begiak pausatuz, deus ez gehiegirik, ez handiegi, ez ttipiegirik lo bat, emaiguzue zuek lo bat gizagaldu nekatuei anparuarentzat sortuak izan ziren soroetan mendixka eta sedazko belazeetan, mintza goraki kanturik apalenekin hurbil erromesari aberri baten ferekak lanturuak ere bai agian urrundutakoen, itzalitakoen omensari oturuntza anaikorretan, haurride ninduzuen galbidean ere ezin batek ederrestearen lehiari pena zekarkionean, han galdu ginen izan nahiaren argudioetan izatea eta irautea hain erraz zitezkeenean arrotzen araudiek estekatu ez bagintuzte ala gure bidegabekeriek agian, non dago, diot orain, antzinako miresmena zergatik itzali zitzaigun adeitasunaren argizaria norat galdu ziren solasak, erranak, lagunak zer ibarretatik doaz zaldun erratuen itzalak, han ote gaude ala ahazturak herbesteratu ote gaitu... udazkenean hurbiltzen naiz aldizka zuen lurraldera eta nere so liluratuan negarra dago malko isilez etsipenaren halabeharrera behin eramanak izan ginenontzat.
© Xabier Lete |
|